web gida    ailegaerraztasun politika    lege oharra    kontaktu

Bezeroak eta zerbitzuak  |   Metro Bilbao 

Simulagailua

Simulagailuaren gela EtxebarrinErrealitate birtuala eta aginte-gailu errealak ondo uztarturik, bertoko teknologiarekin diseinatuta, hiri trenaren sarea xehetasunez jasotzen du simulagailuak, eta trena benetan gidatzearen oso antzeko egoerak irudikatzen ditu.

Sistemak Bilboko hiri trenaren sare osoa zehatz-mehatz irudikatzen du, 40 trenbide kilometrotik gor, bihurguneekin, gorabeherekin, seinaleen sistemarekin, balizekin, katenariarekin eta geltokiekin. Matxura eta ezbehar, ezusteko ugari simulatzeko aukera ematen du, langileak horiei erantzuten trebatzeko, eta irtenbide seguru, efikaz eta efizienteenekin asmatzeko metroaren zerbitzua behar bezala ez doanean, egoera degradatuetan, alegia.

Seinale okerren arazoak, trenbidetik irteteak, harrapatzeak, gauzak trenbidera erortzeak, edo tren baten trakzio arazoak, 60 matxura eta 25 ezbehar bano gehiago daude aldez aurretik programatuta praktikan jartzeko. Simulagailua trenetan eta seinaleetan ohikoenak diren matxurak eta ezbeharrak programatzetik harantzago ere badoa, eguraldirik txarrenak ere irudikatzeko gai baita, berbarako, elurte handia edo behe laino itxia lurrazaleko zatian.

Simulagailuaren gela EtxebarrinMetropoliko sistemetan ezinbesteko trebakuntza tresna bihurtu da egun, gidatzeko modu automatikoak eta seguruak, ATP eta ATO sistemak, ezartzen hasi zirenetik. Abantaila ugari ditu teknologiak, zirkulazioaren fidagarritasuna eta segurtasuna nabarmen hobetzen dituenez gero. Horregatik, simulagailua izatea ezinbestekoa da gaur egun edozein trenbide enpresatako gidarien prestakuntza etengabea kalitatezkoa izango bada.

Kosteak aurreztea da trebatzeko sistema honek dakarren beste abantaila handi bat, zeren, tren batek egiten dituen mugimendu eta maniobra guztiez gain, zirkulazioko matxurak eta gorabeherak ere entseatzeko aukera ematen baitu, linean egin beharrean eta instalazioak hondatzeko arriskurik hartu barik, horrek gastuak ere aurreztea dakarrelarik (energia, mantentzea, prestakuntzako gaueko orduak…).

Simulagailua ez da kasualitatez jarri Etxebarrin. Izan ere, trenak trenbidez aldatzen dira han. Sarearen enborrean egonik, funtsezko tokia da gidarientzat, tren guztiak, 1. zein 2. lineatik etorri, handik igarotzen direnez gero. Horregatik, errazago eta hobeto antolatzen da han enpresak gidariak trebatzen ematen duen denbora.

Hiru postu ditu, bat irakaslearentzat eta beste biak trebatuko diren pertsonentzat. Kabina birtual horietan, estetika zaindu eta funtzionalarekin, gidariak 500, 550 zein 600 sail berriko trenetan aurkituko dituzten baldintzak irudikatzen dira. Gainera, sistemak lau edo bost bagoiko trena sar lezake ariketan.

Ikasgelok balio handiko irtenbide teknologia eskaintzen dute, gidariak zirkulazioaren segurtasunean behar dituzten jakingarri, trebetasun eta jarreretan ahalik eta ondoen molda daitezen lortzeko, errealitatean nekez aurkituko genituzkeen egoera zail eta arriskutsuen aurrean jarrita. Horretarako linea birtualen 40 kilometro baino gehiagoko sarean izan litezkeen eszenatoki guztiak eta trenek erabiltzen dituzten segurtasun sistemak dituzte.

Simulagailuaren diseinua Lander euskal enpresak egin du. Arreta berezia jarri du Metro Bilbaoren sarean izan litezkeen eszenatoki guztiak berrekoizten. Ukipeneko hiru pantaila eta aginte-gailuen multzoa ditu gidatzeko kabinak. Ikasleari, kabinan, trenbideko, katenariako elementuak, seinaleak, pasaguneak, geltokiak, baita bezeroak ere, bistaratzen zaizkio. Jesarlekutik, ariketa egiten ari den pertsonak segurtasun, trakzio eta balaztatzeko sistemak, trenaren kontrolak, bezeroen komunikazio eta informazio sistemak, geldialdiak, ateak ireki eta ixteak ere ikuskatzen ditu. Pantailan ageri den atzerako ispiluaren bidez trenera sartzen den eta trenetik irteten den jendea ere ikusten du.

Tresna hori oso moldakorra ere bada. Simulagailuaren diseinuak aukera ematen du funtzionaltasunak beharren arabera gehituz joateko, hala nola, ibilbidearen luzapenak, matxurak eta gorabeherak edo ibilgailu berriak, edo seinaleen sistemen aldaketekin loturiko aldaketak.

Hemendik aurrera, Metro Bilbaoko 181 gidariak urtean hirutan igaroko dira saretik modu “ez automatikoan” gidatzera, egoera degradatuetan trebatzeko, bereziki zerbitzuan atzerapenak sortzen dituzten eta zirkulazioaren segurtasunarekin loturarik izan lezaketen egoeretan.

Simulagailuaren ikuspegia Simulagailuaren ikuspegia
Osagai apaingarriaOsagai apaingarria