Bezeroak eta zerbitzuak  |   Metroa 

EMAS ziurtagiria Metro Bilbaoretzat

01/02/2010

Nieves Terán Ingurumen Sailburuordea EMAS ziurtagiria ematen Rafael Sarria Zuzendari Nagusiari urtarrilaren 27an Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen “Ingurumen bikaintasuna Euskadiko enpresetan” jardunaldian.

Nieves Terán Ingurumen Sailburuordeak esan duenez, “pozik” dago EMAS ingurumena kudeatu eta ikuskatzeko sistemaren Europako erregistroan EAEko gero eta enpresa gehiago dagoelako. Urte amaierarako, “gure autonomia erkidegoko berrogeita hamar enpresa baino gehiago izango dira hor”.

“Ingurumen bikaintasuna Euskadiko enpresetan” jardunaldian egin ditu adierazpenok Nieves Teránek, 200 pertsona inguru bildu dituen ekitaldian. Ingurumen, Landa eremu eta Itsasoko Ministerioko EMAS programaren zuzendari Soledad Aycart, Kataluniako EMAS klubeko ordezkari María Passalacqua eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Francisco Olarreaga izan dira bertan, besteak beste.

Hasteko, gogoratu du “2002an EAEko 6 enpresa soilik zeudela” Europako EMAS erregistroan, eta ondoren, esan du urte amaieran espero diren berrogeita hamarretik gorako kopurua gehituz joango da etorkizun ez oso urrunean, duela gutxi Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak “Ekoscan” sistema goresteak eraginda. Ekoscan 800 erakunde baino gehiagok erabiltzen dute EAEn, eta bide egokia izan daiteke ETEak EMASen sartzeko.

EMAS EBk ingurumena kudeatu eta ikuskatzeko sustatzen duen sistema boluntarioa da; hartara, nahi duten enpresek ingurumena kudeatzeko sistema ezarri behar dute, ingurumen ekintzarako programa garatu eta esparru horretako jarduna berrikusi eta publikoki jakinarazi behar dute; horrez gain, kanpoko aditu independenteen egiaztapena jaso behar dute.

EMAS bateragarria da ingurumena kudeatzeko nazioarteko ISO arauarekin, baina harantzago doa legedia betetzeari dagokionez, langileek aktiboki parte hartzea eskatzen duelako eta ingurumen komunikazio zintzoa sustatzen duelako.

Nieves Teránek halako sistemak “ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspegietatik iraunkorragoa izango den eredurantz aurrera egiteko bidean” duen garrantzia nabarmendu zuen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Plan EkoEuskadi 2020 planean planteatuta dagoen bezala.

Sailburuordeak aitortu du sisteman boluntarioki parte hartzeak ahalegina eskatzen duela “sistema ondo ezartzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jartzeko”, eta azpimarratu ditu enpresei dakarzkien “mozkin eta onurak”, naturako baliabide gutxiago kontsumitzeak, sortzen diren hondakinak minimizatzeak eta azpiproduktuak berreskuratzeak kosteak murrizten dituelako eta, gainera, administrazioarekiko harremanak hobetzen direlako eta zergako edo kontratazio publikoko abantailak eskura jartzen direlako, enpresen irudia hobetzen delako, langileak sentiberatu eta motibatzen direlako edo negozio aukera berriak irekitzen direlako.

“Orain arte egindako ahalegin handiak segitu behar du, erregistratuta dauden erakundeek eutsi diezaioten eta gero eta gehiago atxiki daitezen, EAE Europako lehenengoen artean izango bada EMAS erregistroen kopuruan”, erantsi du Nieves Teránek, halako bitartekoek ekonomia eredu berdeago eta justuagoa ahalbidetuko dutela sinetsita.
Imagen descriptiva de la noticia

elemento decorativoelemento decorativo